ENPLEGU GUNEA / ENPLEGU FOROA 2013 EDIZIOAREN LABURPENA

2013ko abenduaren 12 eta 13an, enpleguaren sustapen publikoa helburu duen Gasteizko ENPLEGU GUNEaren laugarren edizioa egin zen, Lucio Lascaray ikergunean.

Aurreko edizioetan bezala, ekimena elkarlanean antolatu eta finantzatu zuten Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenerako Sailak eta UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak, TOKI ENPLEGUA 10 Europako Gizarte Funtsaren 2007/2013 PROGRAMA ERAGILEAren 2. ardatza finantzaketa esparruaren barnean.

Azken edizio horretan, aldaketa handia egin da formatuan, eta ENPLEGU AZOKA zena ENPLEGU FOROA bihurtu da.

Toki mailan ezarrita dauden edo ezartzekotan diren enpresa garrantzitsuek parte hartu zuten: ALTRAN, CRS CHANNEL, EL CORTE INGLÉS, LEROY MERLIN, LORAMENDI, MERCADONA eta MICHELIN. Gainera, Arabako nekazaritza-elikadura sektoreko enpresa estrategikoak ere hurbildu ziren: UDAPA SA, BACALAO GIRALDO eta ARTEPAN.

Enpresa horietako arduradunek hainbat gairi buruzko azalpenak eman zituzten publikoaren aurrean eginiko aurkezpenetan: besteak beste, giza baliabideen arloko politikak, aurreikusitako hedapen planak, eskatzen diren langile profil nagusiak eta hautagaitzak aurkezteko epeak eta moduak.

Praktiken eta beken eskaintza aurkeztu zen (SANTANDER, GLOBAL TRAINING eta EPEZ VIII bekak), eta Europako EURES sarearen ekimena.

Bi mahai-inguru egin ziren. Lehenengoan, enpresa ekimenari emandako laguntzari buruzkoa, Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenerako Sailak, UPV/EHUko Arabako Campusak, Arabako Eraberrikuntza Industrialdea SAk, AJEBASK elkarteak eta Arabako Ganberak parte hartu zuten. Bigarren mahai-inguruan, gazte ekimenei buruzkoa, lan merkatuan sartzeko beren esperientziak eta bizipenak azaldu zituzten bost gaztek.

Hitzaldi nagusiaren izena “Ekitearen erronka” izan zen, eta, Sergio Gonzalez jaunaren zuzendaritzapean, Egoitz Astigarraga, Gabriel Barreda eta Bittor Rodríguez doktoreek parte hartu zuten, Biomimetics-Evolers, IMG-Pharma eta UN-Diet enpresen ordezkari gisa, hurrenez hurren.

Bestetik, Pedro Miguel Etxenike katedradunak hitzaldi bat eman zuen, berrikuntzari buruz, “Zientzia, sorkuntza eta kultura” izenburupean.

Gainera, GPS proiektua aurkeztu zen, ikastetxeetan lanbide orientazioa sendotzeko baliabidea. Ekitaldi horretan, Rosa Ortegak “2.0 tutoretza” izeneko hitzaldia eman zuen. Horrekin batera, berdintasun arloko orientaziorako 2013/14 kanpaina aurkeztu zen, eta GPS saria eman zitzaion Gasteizko Eraikuntza Institutuari.

UPV/EHUko Arabako Campusak, ekintzailetza bultzatzeko INIZIA programaren bidez, 2013ko THINK BIG sariak banatu zituen. BYROS Bide Segurtasuna, Baigene eta N-arrow proiektuek jaso zituzten sariak.

Jarduera horien guztien osagarri gisa, enplegagarritasuna hobetzeko hamar lantegi antolatu ziren, eta 300 lagunek parte hartu zuten ikastaro horietan. 8,4ko batez besteko balorazioa izan zuten (10etik).

Foroak iraun zuen bi egunetan, “Enplegu Zentroa” izeneko baliabidea egon zen martxan Lascaray ikergunearen hallean, orientazio pertsonaleko zerbitzua eskaintzeko enplegu bilaketan.

Enplegu Foroan parte hartu zuten pertsonek (enpresetako ordezkariek, erakundeetako ordezkariek eta publikoak) oso positiboki balioetsi zuten ekimenaren formatu aldaketa, eta antolakuntza batzordeak, ondorioz, komenigarritzat jo du formatuari eustea hurrengo edizioetan.